KRONIKA: KZL/TEST 1. JARDUNALDIA

AURREBENJAMIN ETA BENJAMINAK BIKAIN TOLOSAN OSPATUTAKO LEHEN JARDUNALDIAN
  • Lehen aldiaren urduritasunak tartean zirela ere, guztiak bikain aritu ziren

Pasa den larunbatean, gure taldeko txikienek euren Test/KZL Ligari hasira eman zioten lehen jardunaldiarekin. Lehen jardunaldi hau Tolosan ospatu genuen, Usabalgo igerilekuan eta bertan, gure taldetik, adin tarte honetako 37 haur aritu ziren.

Egoera bereziena 2010ekoentzat izan zen. Beraientzat lehenengo txapelketa eguna izan zen eta urduritasunak medio, egin beharrekoa primeran burutzen jakin izan zuten.


2010eko haurrek 50 estilo librean proba izan zuten eta 2009koekin batera 6x25 bizkar errelebu mistoan parte hartzeko aukera ere izan zuten. Haur hauentzat garrantzitsuena arautegiaren inguruko ezagutza eta estiloen ikaskuntza izanik denak primeran aritu zirela esan behar dugu. Igerian oso txukun eta lasaitasunez igeri eginez eta arautegiak ondo betez aritu ziren guztiak eta beraz, primeran.

Adin tarte berean, 2009koak aipatutako 6x25 errelebu mistoan aritu ziren eta banakako proba bezela 100 libre proba izan zuten. Hauek ere primeran aritu ziren.

2008ko mutilek 50 bizkar eta 100 libre probak izan zituzten eta 2007ko neska-mutilek aldiz 50 bizkar eta 200 libre probak.


Orokorrean, adin tarte hauetan, lehiaketa emaitzak baino gehiago arautegiaren inguruko ezagutza eta arauen betetzea zein igeri egiteko modu egokia dira garrantzia gehien ematen diegun arloak eta zentzu horretan gustura atera ginen gure txikienek egindako lanarekin. 

Horretaz gain, urduri egon ziren arren, guztiek jarrera bikaina erakutsi zuten jardunaldi osoan zehar, euren erronkei aurre eginez, ikasitakoa aplikatuz eta talde giro alaia mantenduz. Batzuentzat lehen aldiz gainera, beste herrian entrenatzen duten taldekideekin egoteko aukera izan zuten, eta besteek, berriro ere elkarrekin egoteko parada ere bai.

Aupa Buruntxikiak!!


ELKARBANATU | COMPARTELO

Comentarios