TALDEKO 12 ERREKOR BERRI, 31 MARKA PERTSONAL eta EUSKAL HERRIKO TXAPELKETARAKO 6 GUTXIENEKO BERRI VIII Richard Oribe Sarian
- Nahia Jie Villamedianak eta Nora Irazustak Euskal Herriko Txapelketarako gutxieneko berriak lortu zituzten.
- Udarako txapelketak prestatzeko fasean bete betean dauden arren, igerilari gehienek marka petsonalak egitea lortu zuten.
Pasa den larunbatean errendimenduko ibilbideko infantil, junior eta absolutuak Paco Yoldin izan ziren VIII Richard Oribe Sarian parte hartzen. Bertan marka pertsonal uzta handia izan genuen eta Euskal Herriko Txapelketarako zenbait gutxieneko berri ere bai. Orokorrean, oso ondorio positiboak atera genituen txapelketarekin.
Emaitzen aldetik esanguratsuenak honakoak izan ziren:
Junior eta Absolutu mailan
Mikel Esnalek 50 bular frogan marka pertsonala eta taldeko errekor absolutua ezarri zuen 35''92rekin. 100 libren ere aritu zen Mikel baina ez zuen egunik onena izan.
Haitz Mitxelenak 100 libre eta 50 bular frogako marka pertsonalak lortu zituen. Lehenengoan 1'00''28 egin zuen eta bigarrenean 36''50. 100 libreko bere markarekin gainera, Euskal Herriko Txapelketan 4x100 libre erreleboan parte hartzeko gutxienekoa lortu zuen taldeak.
Iñigo iBarburuk ez zuen marka pertsonalik lortu baina benetan txukun aritu zen 50 bizkar frogan, 200 estiloetan eta 100 tximeletan.
Naiara Lizasok 50 bular frogan marka pertsonala lortu zuen 42''79 eginez, eta Jone Vazquez-ek ere froga berean bere marka pertsonala 46''48an uztea lortu zuen. Jonek gainera, 400 libren taldeko 16 urteko errekor berri bat ezarri zuen 5'20''05 eginez.
Garazi Alkortak 100 libren 1'09''13rekin marka pertsonala lortu zuen eta baita 400 libren ere 5'29''12 eginez. Azken hontan gainera, 200eko pasean bere marka ere hobetzea lortu zuen 2'41''99rekin. Azken bi marka hauekin Garazik 17 urteko taldeko bi errekor berri ezarri zituen.
Infantil mailan
Infantil kategorian ere bikain aritu ziren gure igerilariak. Nahia Jie Villamedianak 4 marka pertsonal lortu zituen; 200 estiloetan 2'48''36, 50 bizkar frogan 35''69 eta 400 libren 5'20''80 200 eko pasean ere marka pertsonala lortuz (2'39''49). Nahia Jiek 400 libren, 200 estiloetan eta 50 bizkar frogan taldeko 13 urteko errekor berriak ezarri zituen eta horretaz gain aipatutako 4 frogetarako Euskal Herriko Txapelketarako gutxieneko berriak lortu zituen.
Nora Irazusta hiru frogetan lehiatu zen guztira bost marka pertsonal lortuz. Frogetan, benetan gogotsu aritu zen. 100 libren 1'13''79an utzi zuen bere marka berria, 200 bizkar frogan 2'49''90ean (100eko pasean 1'23''84rekin marka berria eginez) eta 400 libren 5'32''58an (200eko pasean 2'45''94 eginez). Larunbateko saioan Norak ere Euskal Herriko Txapelketarako gutxieneko berriak lortu zituen 100 libren eta 400 libren.
Janire Berasartek bi marka pertsonal lortu zituen; bata 50 bular frogan 41''39 eginez eta bestea 400 libren 5'18''95rekin. Azken honekin, Janirek, 14 urteko taldeko errekor berria ezarri zuen.
Mutiletan, Jon Sotok 100 libren, 400 libren eta 50 bular frogetan lortu zituen marka berriak. Lehenengoan 1'04''26 eginez, bigarrenean 4'54''80 denborarekin eta hirugarrenean kronoa 37''40an geratuz. Azken hontan, Mikelek 16 urteko taldeko errekor berria ezarri zuen. Horretaz gain, 400 libre frogako 200eko pasean ere marka pertsonala egin zuen 2'25''40an pasaz.
Jon Ibargoyen Mikel Sotoren froga berdinetan aritu zen eta honek ere guztietan marka pertsonalak lortu zituen. 50 bular frogan 41''80 egin zuen Jonek, 100 libren 1'06''11 eta 400ean 5'11''12 aurreko marka 15 segundutan hobetuz eta 14 urteko taldeko errekor berria ezarriz. Mikelek bezela, Jonek ere 200eko pasean marka pertsonala egin zuen 2'33''56rekin.
Azkenik, Beñat Alkortak 200 estiloetan (2'56''16), 50 bizkar frogan (39''25) eta 400 libren (5'29''37) egin zituen marka pertsonalak. Egindako frogekin, Beñatek 50 bizkar eta 200 estiloak frogetan 14 urteko taldeko errekor berriak ezarri zituen.
Asteburu hontan zita berri izango dute igerilari hauek, igerileku berean "GIF 2" Saria ospatuko baita.
Comentarios
Publicar un comentario