IÑIGO IBARBURU ESPAINIAKO TXAPELDUNORDE!!
EUSKADIKO BI ERREKOR BERRI, 6 MARKA PERTSONAL eta TALDEKO 6 ERREKOR BERRI Picornell-en ospatutako Junior eta Absolutuen Udarako Espainiako Txapelketan
- Txapeldunordetzaz gain, Iñigok 50 eta 100 tximeletako 17 urteko Euskadiko Errekor berriak ezarri zituen
- Laurek egindako txapelketarekin benetan gustura itzuli ginen etxera
Pasa den uztailaren 16tik 20ra bitartean Bartzelonako Picornell igerilekuetan izan dira Mikel Esnal, Iñigo Ibarburu, Naiara Lizaso eta Itsaso Tolosa. Laurek txapelketa bikaina egin dute eta urteari amaiera modu ederrean eman zioten. Giro onean, gure taldekideak bikain lehiatu dira eta bertan zituzten helburuak lortu dituzte, beraz, bikain! Zorionak lauroi!!
Iñigo Ibarburu
Iñigo ikaragarri ibili da. Joan aurretik eta udarako denboraldian zehar txapelketa hontan 100 tximeletako podiumean egotea izan dugu helburu eta hirugarren jardunaldian ospatutako froga hontan bete betean asmatu genuen zilarra eskuratuz.
Lehen lehiaketa egunean, Iñigok 50 libre eta 200 tximeleta frogak izan zituen. Lehenengo frogan 25''00 egin zuen marka pertsonala eta taldeko 17 urteko errekor berria lortuz. Froga hontan Iñigo 11garren izan zen eta 2 ehunekogatik ez zen finalean sartu. Jardunaldiko bigarren frogan, 200 tximeletan, ez zuen taktikoki ondo igeri egin eta ez zuen bere marka hobetzerik izan. Hala ere finalean egoteko txartela eskuratu zuen, baina nahiago izan genuen arratsaldean beroketarekin goizean egindako akatsak zuzendu eta lehiaketarako baja ematea, hurrengo eguneko 100 tximeletarako berriro ere konfidantza berreskuratu eta gogobetez egon zedin. Finalean igeri egin ez zuenez 12garren sailkatu zen.
Bigarren lehiaketa egunean egun handia etorri zen. 100 tximeletako goizeko kanporaketa frogetan Iñigok 56''83 egin zuen. Marka pertsonala, Euskadiko Errekorra eta arratsaldeko finalerako sailkapen zuzena. Bere adineko bat absolutuen finalean sartu zen eta Iñigo bere adinekoen finaleko denbora onenarekin sailkatu zen, beraz, urrea jada zehaztua zegoenez zilarra eskuratzea zen helburua. Finalean berriro ere marka pertsonala eta Euskadiko Errekorra egin zituen Iñigok 56''23 eginez, bere finalean lehen postuan sailkatuz eta zilarra eskuratuz. Sekulakoa!
Hirugarren lehiaketa egunean 100 libre frogan aritu zen Iñigo eta ez zuen bere marka hobetzerik izan. Hala ere, froga hau burutzeko moduaren inguruan hitzegiteko eta hurrengo baterako zerbait gehiago ikasteko balio izan zigun.
Azken lehiaketa egunean berriro ere topean aritu zen. Bi froga izan zituen, 50 tximeleta eta 200 estiloak. Lehenengoan 25''58 egin zuen berak zeukan Euskadiko Errekorra segundu erdian txikituz eta 200 estiloetan 2'15''39 egitea lortu zuen bere aurreko marka bi segundutan hobetuz. Tximeleta froga absolutuen kategorian zen eta Iñigo 21garren izan zen, 200 estiloetan berriz adineko 11garren sailkatu zen, finalean sartzeko ehuneko gutxira geratuz.
Mikel Esnal
Mikel Esnalen helburuak bestelakoak ziren. Txapelketa hontan parte hartzea izan da berarentzat helburua eta horretarako Euskal Herriko Txapelketa bete betean prestatu zuen, forma egoera onenean egon eta Bartzelonan egon ahal izateko txartela lortuz. Gasteizen ospatutako txapelketan helburua lortu zuen eta hori Espainiako Txapelketa baino bi aste lehenago izanik eta forma pikoa pasa ondoren, bagenekien oso zaila izango zela bere maila onenean egotea.
Esnal 50 libre frogan lehiatu zen, ostegun goizean. Froga hontan, irteera motel xamar baten ondoren 24''74 egin zuen eta 46garren izan zen sailkapen orokorrean. Mikelek egindakoarekin gustura geratu ginen, berarentzat egoera berria izan baitzen eta ez da erraza izaten horrelako txapelketa batean zauden lehen aldian gauzak norberak egiten dakien moduan egitea.
Datorren denboraldiari begira, gutxienekoak mantentzen badira, Neguko Espainiako Txapelketa prestatu ahal izango dugu eta hori jada beste kontu bat izango da. Esperientzia polita Mikelentzat.
Naiara Lizaso
Mikel Esnalen antzera, Naiarak Gipuzkoako eta Euskal Herriko Txapelketak prestatu zituen, Bartzelonan egoteko txartelak lortu asmoz, beraz, berarentzat, egoera Mikelenaren antzekoa zen alderdi horretatik. Berak gutxienekoak Mikelek baino lehenago lortu zituen eta denbora pixkatxo bat gehiago izan du zita hau prestatzeko.
Naiara 50 libre frogan lehiatu zen ostegun goizean eta 100 libre frogan larunbateko kanporaketetan. Bietan marka pertsonalak eta 15 urteko eta absolutu mailako taldeko errekorrak lortu zituen.
50 libren 29''36 egin zuen Naiarak eta 100 libren 1'03''51. Mikelek bezala forma egoera mantendu beste ezer egiteko aukerarik izan ez badu ere, markak hobetu dituela ikusita oso gustura geratu ginen.
Itsaso Tolosa
Itsaso 200 bizkar frogan lehiatu zen larunbat goizean. Itsasok Espainiako Txapelketa ondo prestatu du, Iñigok bezala, gutxienekoa lehendik bazuelako.
Bere frogan Itsasok 2'25''35 egin zuen eta bere marka pertsonala hobetu ez bazuen ere emaitza oso positibitzat jo genuen. Izan ere, bizkar estiloko igerilarientzat egoera ez da batere erraza izan. Aire librean sapairik gabe igeri egiteaz gain, 15 eta 35 metroko marka gabe egin behar izan dute igeri estilo hontako igerilariek eta horrek, abiadura zentzuan eta luze bakoitzaren neurketan zailtasunak suposatu dizkie.
Aurrekoa aitzakia ez bada ere, egoera horretan Itsaso bere bigarren markarik onena egiteko gai izan da eta berriro ere 2012 urtean egindako marka inongo arazorik gabe gainditu du. Aurtengo denboraldian Itsasok lortutako helburu handiena horixe izan da, brontzezko domina eman zion marka hura gainditzea eta berriro ere motibatu eta konfidantza hartzea, beraz, kapitulu hori itxi eta aurrera jarraitzeko moduan dago Itsaso.
Orokorrean intentsoak eta positiboak izan dira Bartzelonan pasatako bost egun hauek eta oso gustura eta zilarrezko domina batekin itzuli gara Bartzelonatik. Bihar bertan, Ainara Garcia eta Nahia Jie Villamediana bertara joango dira, Infantilen Espainiako Txapelketan parte hartzera. Zorterik onena opa diegu biei!!
Comentarios
Publicar un comentario