LASARTEKO XXV SARIA | XXV TROFEO LASARTE

BURUNTZALDEA IKT TXAPELDUN TALDEAREN FESTA DEN EGUNEAN

Pasa den larunbatean, ekainaren 21ean, Lasarteko XXV Saria ospatu genuen Lasarteko igerilekuan. Bertan, Hernani KE, Lagunak Barañain nafarrak, Udarregi-Usurbil, Easo eta Buruntzaldea IKT izan ginen parte hartzen.


Gure taldearen festa den Sari hontan, taldeko igerilari gehienak izan genituen lehian eta denak oso txukun aritu ziren. Horretaz gain, urtero bezela aukera paregabea izan zen adin guztietako igerilariak elkarrekin egoteko, bata bestea animatzeko eta txikienentzat, euren irudi diren nagusiak igerian ikusteko.
Benjaminek eta alebinek 50 metroko probetan hartu zuten parte eta infantiletatik gorakoek 100 metroko probetan. Igerilari bakoitzak estilo bateko proban egin zuen igeri. Orokorrean, denak oso txukun aritu ziren eta horren erakusle dira guztien artean lortutako domina uzta handia. Izan ere, gure taldetik oso gutxi izan ziren dominarik gabe geratu zirenak.

Horretaz gain taldeko zenbait errekor berri ezartzea ere lortu zuten gure igerilariek: Iñigo ibarburuk eta Itsaso Tolosak 100 bizkar frogan 17 urteko eta absolutu mailako errekor bana ezarri zuten, Iñigok 1'01''04 eginez eta Itsasok 1'06''68 eginez. Garazi Alkortak 100 libren 1'06''35ean utzi zuen 17 urteko taldeko errekor berria eta froga berean, Naiara Lizasok 1'02''36an utzi zuen 15 urtekoa.

Froga indibidualez gain taldeko 10x50 libre errelebo mistoak ere izan genituen, bata banjamin eta alebinena eta bestea infantiletatik aurrerakoena. Benjamin eta alebinen artekoan gure igerilariak nagusi izan ziren eta gure haurrek benetan gozatu zuten. Nagusienak ere txapeldun izan ziren amaiera arte emozio haundia izan zuen froga batean.


Froga ofizialez gain, urtero bezela, igeriketa eskolako haurrek 25 libreko erakustaldia egin zuten, urtean zehar ikasitakoa euren senide eta lagunei erakusteko. Normala den bezela urduri zeuden arren, txalo zaparrada handia jaso zuten igeri egin zuten 13 prebenjaminek.


Sariaren sailkapen orokorrean Buruntzaldea IKT izan zen nagusi 633 punturekin. Bigarren postuan Lagunak izan zen 441 punturekin eta hirugarrena Easo 342 punturekin.
Egun  polita beraz, bai haurrentzat eta baita taldea osatzen dugun igerilari, guraso, arduradun eta entrenatzaileentzat ere.

Gure Sariarekin txikienek txapelketa garaia amaitu dute jada ondo merezitako oporrak hartuko dituzte. Infantiletatik aurrerakoek aldiz, entrenatzen jarraitu beharko dute Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako Txapelketak ondo prestatzeko.

Hemen behean, Lagunak-eko Juanmarik grabatutako haundien 10x50 libre errelebo mistoaren bideoa uzten dizuet. Benetan emozionantea!!



Comentarios