KZL 5. JARDUNALDIA | 5ª JORNADA LED


TALDEKO TXIKIAK TXUKUN HERNANIN

Pasa den larunbatean, taldeko txikienak Hernanin izan ziren Kirol Zehaztasun Ligako bosgarren jardunaldian parte hartzen.

Adinen arabera, txikienek 100 estiloak eta 6x25 estiloak errelebo mistoak izan zituzten, lehen urteko alebinek 50 edo 100 tximeleta eta 200 estiloak eta azken urteko alebinak 400 estiloak frogan aritu ziren. Alebinen artean 4x50 bular erreleboak ere izan zituzten, bai nesketan eta baita mutiletan ere. Guztiak taldegiro ederrean aritu ziren lehian.

Txapelketa hontan 22 benjamin eta 15 alebin aritu ziren lehian, igerian gero eta hobeto egiten dutela erakutsiz eta horren ondorioz euren marka gehienak hobetuz.


BENJAMINAK

Orokorrean denak oso txukun aritu ziren 100 estiloetako frogetan, batez ere bigarren urteko benjaminak, logikoa den bezela, urte bat gehiagoko esperientziak eta entrenamenduak horrelako frogetan segurtasun gehiago ematen dielako. Jardunaldi honek lau estiloetan gure haurrak nola moldatzen diren ikusteko balio izan digu eta gabeziak detektatzeko ere bai.
Jardunaldi hontan nahi baino deskalifikatu gehiago izan ditugu lehen urteko benjaminetan. Deskalifikazio hauek batez ere bular estiloko ostikadetan eta estilo desberdinen arteko biraketetan egon dira oinarrituta. Gainontzean, igerian txukun moldatu dira gure haurrak eta beraz, badakigu oraingoz gure arreta entrenamenduetan nora zuzendu.

Emaitzei dagokionez, gure zenbait haur gipuzkoa osoko sailkapeneko lehen postuetan izan dira berriro ere: Leire Martin Gipuzkoa osoko azkarrena izan 100 estioetan 1'31''45 eginez. Emaitza honekin, Leirek taldeko adineko errekor berri bat ezarri zuen. Aintzane Sarobe eta Joane Arzalluz bosgarren eta seigarren izan ziren 2004koen artean. Aintzanek gainera errekor berri ezarri zuen 9 urtekoen artean, 1'47''31 eginez. Mutiletan, Unai G. Somovilla 4garren sailkatu zen eta honek ere, taldeko errekor berri bat ezarri zuen 1'38''03 eginez.


ALEBINAK

Alebinetan ere, txukun aritu ziren gure haurrak. Lehen urtekoen artean batzuk 50 tximeletan eta 200 estiloetan aritu ziren eta beste batzuk 100 tximeleta eta 200 estiloetan.

100 tximeleta frogan Irati Arzalluz eta Jon Soto aritu ziren, biak ere bikain. Iratik bosgarren postua lortu zuen 1'39''38rekin eta Jon bigarren izan zen 1'32''00rekin. 200 estiloetako frogetan ere beraiek izan ziren taldeko azkarrenak. Iratik 3'18''28 egin zuen 11garren postuan sailkatuz eta Jon-ek 8garren postua eskuratu zuen 3'04''08 markarekin, honek ere froga hontan taldeko adineko errekor berri bat ezarriz.

Azken urteko alebin guztiak 400 estiloak frogan aritu ziren. Guztiek benetan gogotsu eta oso txukun burutzen jakin izan zuten froga gogorra izan zen. Mutiletan, Jon Ibargoyen izan zen azkarrena. 400 estiloak frogan 6'28''84rekin 12garren izan zen eta taldeko adineko errekor berri bat ezarri zuen.

Nesketan, Nahia Jie Villamediana izan zen 400 estiloetan taldeko azkarrena (6'14''00). Emaitza honekin Nahia-k 12 urteko taldeko errekor berri bat ezarri zuen. 

Froga indibidualen ondoren 4x50 bular erreleboak izan zituzten bai neskek eta baita mutilek ere. Nesketan, Leire Carcedo, Amaia Izagirre, Nora Irazusta eta Nahia Jie Villamediana 3garren postuan sailkatu ziren eta mutiletan, Jon Ibargoyen, Lander Azkarate, Jon Soto eta Beñat Alkorta ere 3garren sailkatu ziren.

Ohi bezela, emaitzak alde batera utzita, gure igerilari guztiak beren markak hobetzen ikusi genituen eta beraz, bide onetik jarraitzen dugu. Estilo desberdinen arautegiak eta igeri egiteko moduan, arlo teknikoan, hobekuntzak egiten jarraitzen dute denek eta dudarik gabe, hori da emaitzarik garrantzitsuena. Hala ere, zenbait gabezia ere somatu ditugu, batez ere biraketen inguruan eta dudarik gabe, hemendik aurrera ondo landu beharreko arlo bat izango da.

AUPA EKIPO!!

Comentarios